| |
|
2005eko jardueren memoria
Fondoen Konfederazioak 2005ean egin zituen ekintzetatik, honako hauek nabarmendu behar dira:
- Nazioarteko Lankidetzarako Espainiako Agentziarekin dauden harremanak: Leire Pajín Nazioarteko Lankidetzako Estatu idazkariarekin bilera izan zuen Konfederazioak uztailean eta ondoren negoziatzen jarraitu zuen. Horien ondorioa izan zen Nazioarteko Lankidetzako Espainiako Agentziak eta Fondoen Konfederazioak abenduaren 22an sinatutako esparru-hitzarmena. Akordio horren bitartez, elkarrekin gauzatu eta finantzatuko dituzte nazioarteko lankidetza-programak, eta Fondoen Konfederazioak gobernagarritasuneko eta udalen eta tokiko gobernuen garapeneko estrategien diseinuan parte hartuko du dagokion eskualdeetan. Horrez gain, estrategia horien zatiak edo lerroak gauzatzea proposatu ahal izango du, eta lankidetza-fondoen bitartez gauzatuko dira. Bestalde, Nazioarteko Lankidetzako Espainiako Agentziak Erdialdeko Amerikako udal-lankidetzari buruzko lantegian parte hartzera gonbidatu zuen Konfederazioa, Granadan, uztailaren 5ean. Lantegi horretan, udalerrien arloan Erdialdeko Amerikarekin eskualdeko lankidetza-programa bat egiteko aukeraren ildoak aurkeztu ziren. Horrez gain, Sahararren, Palestinako Lurraldeen eta Mauritaniaren Herrialde Estrategiaren Dokumentuak aurkezteko bileran ere parte hartu zuen Konfederazioak.
- Lurralde arteko Batzordeko partaidetza: iaz parte hartu zuen Konfederazioak Lurralde arteko Batzordearen osoko bileretan (urtarrilaren 17an, martxoaren 29an, urriaren 27an eta abenduaren 22an) eta Batzordearen barruan sortutako lan-taldeetan. Urtarrilaren 17ko, martxoaren 29ko eta abenduaren 22ko Lurralde arteko Batzordearen bileretan 2005-2008ko Plan Zuzentzailearen, 2005eko Nazioarteko Lankidetzako Urteko Planaren eta 2006ko Nazioarteko Lankidetzako Urteko Planaren irizpena izan zen gai nagusia. Konfederazioak aurkeztutako hainbat zuzenketa zituzten plan horiek, eta lankidetza-fondoen babesa izan zuten.
- Fondo berriak osatzeko prozesuen jarraipena: Konfederazioak interes handia izan du Gaztela-Mantxako Lankidetza Fundazioaren sorreran eta hainbatetan jarri da harremanetan haiekin prozesu horretan. Fundazioa “Gaztela-Mantxako Lankidetza Fondoak” kudeatzen du, eta abenduaren 12an aurkeztu zuten Toledon. Bestalde, nabarmendu egin behar dira Galiziako Fondoak Portugalen egin dituen kudeaketak, bereziki garapenerako lankidetzako ekintzak egiten dituzten hainbat udalerrirekin egindakoak, oso ondo hartu baitituzte Fondoak emandako informazioak eta proposatutako harremanak. Udalerri horiek pentsatzen ari dira beren fondoa sortuko ote duten.
- Nazio Batuen Garapen Programan laguntzea: nazioarteko erakundeekin (besteak beste Nazio Batuekin, Nazio Batuen Garapen Programaren barruan) harremanak edukitzeko ildoan, Konfederazioak bilera egin zuen apirilaren 12an ART programako ordezkariekin, elkarrekin lana egiteko zer aukera zituzten zehazteko. Horren ondorio izan zen ART GOLD Sri Lanka programa, 2004ko abenduaren amaieran tsunamiak sortutako larrialdiaren ostean, ingurua berreraikitzeko. Programan parte hartzen dute Andaluziako Fondoak, Kataluniako Fondoak, Extremadurako Fondoak eta Galiziako Fondoak. Horrez gain, Fondoen Konfederazioak Lankidetza Deszentralizatuaren Nazioarteko Topaketa, “ART: esparru alderdianitza eta lankidetza deszentralizatua milurtekoko helburuak lortzeko”, egiten lagundu zuen. Topaketa Habanan izan zen, abenduaren 7tik 9ra, eta Amerikako eta Europako 15 herrialdetako ehun ordezkari inguru bildu zituen.
- “Ekialde Hurbileko Bakearen aldeko Europako Udalerrien Sarean” parte hartzea: Ekialde Hurbileko lankidetza deszentralizatuari laguntzeko arloan, Fondoen Konfederazioak Ekialdeko Bakearen aldeko Europako Udalerrien Sareak antolatutako ekimen batzuetan parte hartu du, Kataluniako Fondoaren eta Andaluziako Fondoaren bitartez. Atal honetan, azpimarratu behar da Kataluniako Fondoko ordezkaritza batek hauteskundeak behatzen lan egin zuela Palestinan, maiatzean Zisjordanian eta Gazan egon ziren udal-hauteskundeetan, Frantzia, Italia eta Herbeheretako tokiko agintariekin batera. Guztira laurogei ordezkari egon ziren lan horretan. Horrez gain, bereziki nabarmendu behar da azaroan Kordoban egin zen Ekialde Hurbileko Bakearen aldeko Tokiko Agintarien Nazioarteko II. Konferentzia. Biltzar hori Kordobako Diputazioak, Andaluziako Fondoak, Kataluniako Fondoak eta Sareak antolatu zuten, eta Europako, Palestinako eta Israelgo tokiko agintariak bildu zituen, bakea eta elkarrizketa bultzatzeko duela urte askotatik arabiarrek eta israeldarrek duten gatazka gainditzeko.
- Sahararrei laguntzea: sahararrei laguntzeko atalean, lurralde okupatuetako egoera okertu zela eta, Fondoen Konfederazioak lurralde okupatuetako giza eskubideak bortxatzen ari zirela salatzea erabaki zuen aho batez ekainean. Salaketa horretan, dei egin zitzaien gatazkako alderdiei eta Espainiako agintariei bakea sustatzeko eta nazioarteko akordioak betetzeko. Bestalde, Euskal Fondoak Sahararrei Laguntzeko eta Koordinatzeko Europako XXXI. Konferentzian (EUCOCO 2005) parte hartu zuen azaroan, Molen (Belgikan).
- Nazioarteko gertaerak: Kataluniako Fondoak eta Andaluziako Fondoak Gizarteratzearen aldeko Tokiko Agintarien Foroaren sareak egindako bileran parte hartu zuten urtarrilean, Porto Alegren, Munduko V. Gizarte Foroaren barruan. Sareak jarraipen handiagoa eman nahi dio Tokiko Agintarien Foroari, eta Gizarteratze Batzorde bat sortzea bultzatu du, Hiri eta Tokiko Gobernu Batuen barruan. Azkenik, azpimarratu behar da Valentziako Fondoak Konfederazioaren ordezkari izatea onartu duela Pobreziaren kontrako Hirien Munduko Aliantzaren Nazioarteko V. Foroa antolatzeko lan-bileretan. Foroa Valentzian egingo da, 2006ko martxoaren amaiera aldera, eta, bertan, lankidetza-fondoen esperientzia aurkezteko tarte bat egongo da.
- Argitalpenak eta zabalkundea: maiatzaren amaieran, Fondoen Konfederazioaren hamargarren urteurrena gogoratzeko diptikoa argitaratu zen, lankidetza-fondoak eta Konfederazioa aurkezteko, eta hamar urte hauetan egindako lana eta Konfederazioak eskaintzen dituen lan-tresna nagusiak (argitalpenak, web orria, behatokia, aldizkaria) ezagutarazteko.
- Aldizkari elektronikoa: Konfederazioaren argitalpen elektronikoak, “Udalen Lankidetza Deszentralizatuak”, lortu nahi zuen maiztasuna (bi hilez behin argitaratzea) lortu du lehenengo urtean. Gainera, interes handia sortu du, batez ere lankidetza-fondorik ez duten tokietan, harpidetza-eskaera asko iritsi baitira leku horietatik. Aldizkariak honako atal hauek ditu, besteak beste: gaurkotasuneko gaiak, Konfederazioari eta lankidetza-fondoei buruzko informazioa eta lankidetza deszentralizatuko gaien gaineko gogoeta. Doan banatzen da elektronikoki espainiar Estatuko lurralde osora eta Europako eta nazioarteko erakunde batzuetara.
- Lankidetza Deszentralizatuaren Behatokia: lankidetza deszentralizatuaren behatokia lankidetza deszentralizatuari buruzko kontsulta-zerbitzu espezializatu bihurtu da, bereziki legeen eta dokumentazioaren eremuetan. Lege-testu berriak sartzen aritu dira aurten, eta une honetan 76 kontsulta daitezke. Horrez gain, dokumentazioaren basea handitu egin da, eta 133 dokumentu daude katalogatuta. Horietatik erdiak baino gehiago formatu elektronikoan kontsulta daitezke. Konfederazioaren eremu birtualean egindako kontsultei jarraipena eginda, ikusten dugu gero eta interes handiagoa sortzen duela Behatokiak. Sei hizkuntzatan dago Behatokia: gaztelaniaz, katalanez, euskaraz, galegoz, ingelesez eta frantsesez.
Orrialde honekin lotutako informaziora zuzenean
|
|
|