| |
|
Lege esparrua
Estatuan
23/1998 Garapenerako Nazioarteko Lankidetzari buruzko Espainiako
Legeak, uztailaren 7koak, autonomia erkidegoen eta tokiko
erakundeen garapenerako lankidetza aitortzen du esplizituki, eta
23. artikuluan hau dio Lurralde arteko Batzordeari buruz: “Batzorde
horien osaera eta funtzionamendua legez arautuko da, eta autonomia
erkidegoen, tokiko erakundeen edo horiek ordezkatzeko baimena duten
udalez gaineko koordinazio erakundeen presentzia eta parte hartzea
bermatuko da”.
Lurralde arteko Batzordearen osaera eta funtzioak garatzen
dituen erregelamenduan (BOE, 22/2000 urtarrilaren 14ko Errege Dekretua)
Lankidetzarako Fondoak aitortzen dira esplizituki, hau esaten baita
4. artikuluan: “Estatuko zabalkunde handieneko elkarteak,
bere barne prozeduren arabera, 19 ordezkari aukeratuko ditu, hauen
artean: aurrekontuetan garapenerako diru laguntza ofizialtzat izendatutako
fondoak kudeatzen dituzten tokiko erakundeen artean, edo haiengandik
lan horren ardura jaso duten udalez gainetiko erakundeen artean,
batez ere Lankidetzarako eta Elkartasunerako Fondoak kudeatzen dituzten
artean”.
Autonomia Erkidegoetan
Azkenaldian, lankidetza legeak egiteko eta onartzeko prozesuak jarri
dira abian hainbat autonomia erkidegotan, eta Lankidetzarako eta
Elkartasunerako Fondoen funtzioak jasotzen dituzte esplizituki.
Katalunia
26/2001 Garapen Lankidetzarako Legeak,
abenduaren 31koak, hau dio tokiko erakundeekin Koordinazio Batzorde
bat sortzeari buruz, 23. artikuluaren 5. puntuan: “Tokiko
Erakundeekin Koordinatzeko Batzordean, Generalitateko sailetako
eta erakundeetako ordezkariek, probintzietako eta tokiko erakundeetako
ordezkariek eta Garapen Lankidetzarako Kataluniako
Fondoko ordezkariek parte hartzen dute, ordezkari
kopuru berarekin. Batzorde horretako presidentea kanpo jardueretarako
kontseilaria da, eta zeregin batzuk dagokion zuzendari nagusiaren
esku utz ditzake”.
Koordinatzeko eta elkarlanerako organoak eta Lege horren
kontsulta organoak arautzeko erregelamendua garatu behar izan da,
eta prozesu horretan oso garrantzitsua izan da Fons Català,
bai kualitatiboki, bai kuantitatiboki. Hori apirilaren 15eko 105/2003
Dekretuan ikusten da. Tokiko Erakundeekin Koordinatzeko
Batzordean parte hartzen du. Batzorde horren zeregina
informatzea, aholkuak ematea eta koordinatzea da; presidenteorde
1 eta 3 batzordekide ditu, eta fondoaren gerentziaren ardura duen
pertsonak bileretan parte hartzeko eskubidea du, baina ez bozkatzeko
(17. artikulua). Garapen Lankidetzarako Batzordea
garapenerako lankidetzaren arloan parte hartzeko eta aholkuak emateko
Kataluniako Autonomia Erkidegoaren erakundea da, eta Fons Catalàk
kide bat du (20. artikulua).
Aragoi
Aragoako Gorteek Garapenerako
Lankidetzari buruzko Legea onartu zuten 2000ko abenduaren
14an; bertan, Garapen Lankidetzarako Aragoiko Fondoa sortzea aipatzen
da, 2. xedapen gehigarrian:
- Aragoako Autonomia Erkidegoko administrazioak Garapen
Lankidetzarako Aragoako Fondoa sortzea sustatuko du,
eta, Fondo hori sortzeko, erakunde hauek izango dute diru laguntzak
emateko aukera: Aragoiko administrazio publikoak, garapen lankidetzarako
gobernuz kanpoko erakundeek, arlo horretan lan egiten duten erakundeek
eta garapenerako lankidetza laguntzeko, handitzeko eta koordinatzeko
asmoz dirua ematen duten partikularrek
- Fondo hori legea indarrean jarri eta hemezortzi
hilabetera sortuko da.
Aragoiko Gobernuaren urtarrilaren 22ko 22/2002 Dekretuan,
Garapen Lankidetzarako Aragoako Kontseiluaren Erregelamendua
onartu zen. Legeak aurreikusten duenez, organo hori nazioarteko
elkartasunerako eta lankidetzarako kontsulta eta laguntza erakundea
izango da, eta Fondo Aragonés de Cooperacióneko ordezkari
bat bertako kide izango da (3. artikulua).
Gaztela-Mantxa
Garapenerako Nazioarteko Lankidetzari buruzko
Legea 2003ko otsailaren 13an onartu zen, eta, V. atalean
Fondo Castellano-Manchego de Cooperación
sortzea aipatzen da. Sortzeaz gain, haren osaera eta baliabideen
jatorria ere zehazten du (11. eta 12. artikuluak). Horrez gain,
tokiko erakundeek eta pertsona fisikoek eta juridikoek fondoan parte
hartzea sustatuko du Gaztela-Mantxako Komunitateen Batzordeak; horretarako,
dirua ematen duten pertsonei diru pizgarriak ematea aurreikusten
du, bai eta fondoari diru laguntzak ematen dizkioten tokiko erakundeei
eta enpresei edo erakundeei diru laguntzetarako lehentasuna ematea
ere (13. eta 14. artikuluak).
Galizia
Gerora, ekainaren 19ko 3/2003 Legeak, Galiziako
garapenerako lankidetzari buruzkoak, Fondo Galegok tokiko
lankidetzako berezko eredu bat garatzen izan zuen garrantzia onartzen
du sarreran:
“Gainera, Fondo Galego de Cooperación
e Solidariedade sortzeak, Galiziako Udalen eta Probintzien
Federazioaren eta Erkidegoko Administrazioaren laguntzaz, Galiziako
udalek beren jarduera ildoari jarraitzea ahalbidetu zuen. Ildo horren
ondorioz, lankidetza egitasmoetan eta programetan parte hartzea
sustatzen da, atomizazioak eta bikoiztasunak saihesten dira, eta
norberaren autonomia inola ere ezabatzen ez duen lankidetzaren alde
egiten da.”
Bestalde, lege horrek berak Fondoak Garapen
Lankidetzarako Lurralde arteko Batzordean parte hartzea
aurreikusten du 20. artikuluan. Batzorde hori Xuntaren eta tokiko
administrazioen arteko koordinaziorako eta elkarlanerako erakundea
da: “3. Garapen Lankidetzarako Lurralde arteko Batzordearen
osaera eta funtzionamendua arauz zehaztuko da. Dena dela, osaera
paritorioa izango du, eta bertan Fondo Galego de Cooperación
e Solidariedadeko ordezkariek parte hartuko dute”.
Extremadura
2004-2007 Garapen Lankidetzarako Extremadurako
Plan Orokorrak -2004ko apirilaren 2an Extremadurako Legebiltzarrak
onartua- atal bat eskaintzen dio Garapen Lankidetzarako Extremadurako
Fondoari, baliabideei eta fondo ereduei buruzko kapituluan hain
zuzen. Atal horretan, lankidetza fondoen funtzioa aitortzen da espreski,
eta Extremadurako Fondoari laguntza ematea aurreikusten da:
"Gure inguruko eskualdeetan darabilten baliabiderik
interesgarrienetakoa Lankidetza Fondoak eratzea da. Garapen Lankidetzarako
Extremadurako Tokiko Fondoa (FELCODE) eratzea eta handitzea sustatuko
da, Extremadurako Autonomia Erkidegoko beste erakunde publiko
eta pribatu batzuekin elkarlanean.
(...)
Extremadurako Fondoa baliabide egokia da tokiko erakundeek lankidetzan
duten inplikazioa bideratzeko eta sustatzeko. Fondoaren helburu
garrantzitsuenetakoa lankidetzan laguntzeko gero eta tokiko erakunde
gehiago izatea da, hemendik gutxira aurrekontuen %0,7ra iristeko".
Onarpen hori Garapenerako Lankidetzaren Extremadurako
Funts Lokalean ere islatzen da, otsailaren 9ko 37/2005 eta 38/2005
dekretuek arautzen dituzten kontsulta- eta koordinazio-organoetan.
Bi dekretu horien bidez, Funtsari batzordekide bat esleitzen zaio
Garapenerako Lankidetzaren Aholku Kontseiluan (3. artikuluko
e atala) eta beste bat Garapenerako Lankidetzaren Autonomia Batzordean
(3. artikuluko e atala).
Horri dagokionez, honako hau azpimarratu behar da:
2005. urterako Extremadurako Lankidetzaren Urteko Planak
(2005eko urtarrilaren 22ko DOE, 8. zk.), urte horretarako antolatutako
ekintzen artean (h atala), Garapenerako Lankidetzaren Extremadurako
Tokiko Fondoarekin (FELCODE) hitzarmenean aurreikusitako ekintzak
burutu nahi ditu. Era horretan, Latinoamerikako udalerriak indartzeko
proiektuak garatu eta, bi aldeek hala irizten diotenean, horiek
hedatuko dituzte.
Asturias
Asturiasen, 2004-2007 Garapen Lankidetzarako Asturiasko
Lau Urteko Planak Lankidetzarako Asturiasko Fondoa sortzeko
prozesua bultzatzea aurreikusten du. Hori adierazten da 8. kapituluan,
erakunde arteko koordinazioari buruzko atalean:
"Garapen eta Elkartasun Lankidetzarako Asturiasko
Fondo bat sortzea sustatuko da. Fondoak garapen lankidetzari
buruzko informazioa eta estrategiak koordinatuko ditu, eta, bertan,
udalek hartuko dute parte, hala erabakitzen badute.
Hortaz, irizpide homogeneoak ezarri nahi dira, ekintzen bikoiztasuna
saihesteko eta koordinaturiko jarduera lerroak errazteko."
10. kapituluan (lau urteko planaren proposamenen epeei
buruzkoa), fondoa 2006ko lehen seihilekorako eratzea ezartzen da.
Balearrak
Garapenerako Lankidetzaren 9/2005 Legeak (2005eko
ekainaren 21ean onartua), 29. artikuluko 1b puntuan, esplizituki
lankidetza-agentetzat onartzen ditu Balearretako lankidetza-funtsak
(Fons Mallorquí de Solidaritat i Cooperació, Fons
Menorquí de Cooperació eta Fons Pitiús de Cooperació);
eta, era berean, funts horien egituratze-lana baloratzen du, honako
adierazpen honen bitartez (21. artikulua, 3. puntua): "Balearretako
Gobernuak lankidetza-politika aktiboa izan behar du uharteko kontseiluekin
eta garapenerako lankidetzari baliabideak ematen dizkieten Balearretako
tokiko erakundeekin. Bereziki, Balearretako tokiko erakundeek
garapenerako lankidetza-ekintzetan parte hartzea bultzatu behar
du Gobernuak, tresna mankomunatuen, administrazio arteko partzuergoen
edo antzeko ezaugarriak dituzten beste erakunde batzuen (esaterako,
uharteetako lankidetza-funtsak) bidez".
Bestalde, Balearretako hiru funtsek koordinazio- eta
aholku-organoetan parte hartu behar dutela ezartzen du Legeak; hain
zuzen ere, Garapenerako Lankidetzaren Kontseiluan (27. artikuluko
2. puntuan) eta Lurralde Erakundeen Koordinazio Batzordean
(28. artikuluko 1. puntuan).
Orrialde honekin lotutako informaziora zuzenean
|
|
|